XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.9. IKERLAN BIBLIOGRAFIKOAREN LABURPENA

Laburbilduz, orain arte egin diren ikerlanek aztertu eta frogatutakoaren arabera, egunero 20 g Kr inguru ahoz hartzeak, 5-6 egunetan zehar, atsedenaldiko gihar-Kr-ren kontzentrazio osoa nabarmenki igoaraz dezake lagun geldikorrengan edo arinki entrenatuta dauden lagunengan.

Zenbait ikerlanek adierazten dutenez, igoera honen heren bat gutxi gorabehera PKr moduan metatuko litzateke.

Dena den, igoera hauek ez dira inoiz zuzenki frogatu oso entrenatuta dauden kirolariengan.

Zenbait ikerlanek, gehienetan entrenatuta ez dauden lagunekin eta laborategiko kondizioetan burutuak, ahozko Kr-ren gehigarriak sprint motako ariketetan errendimendua hobetu dezakeela frogatu dute, intentsitate altuko ariketak errepikatzerakoan gihar-nekearen hasiera atzeratuz.

Efektu ergogeniko honen mekanismo eragile nagusia gihar-Kr eta PKr-ren kontzentrazio altuago batek ahalbideturiko ADPren birfosforilazioaren areagotzea izango litzateke (15. Irudia).

Beste ikertzaile batzuek, ordea, ez dute Kr-ren eragin ergogenikorik aurkitu antzeko kondizioetan burututako ikerketetan.

Oso ikerketa gutxik aztertu dituzte Kr-ren gehigarriaren ondorioak oso entrenatuta dauden edo elitekoak diren kirolariek beraien kirolean espezifikoak diren sprint-motako ariketa bakarrak burutzen dituztenean, baina aztertu egin dutenek ez dute inolako errendimendu hobekuntzarik erakutsi.

Honek adierazten duenez, gehigarri-mota hau ez litzateke sprint-motako errendimendurako laguntza ergogenikotzat jo beharko honelako populazioetan.